Asghar Farhadik gidatutako mintegia egingo du Nafarroako Filmategiak

Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren lehen edizioaren aterkipean, zinemagintzara murgiltzeko ikastaroa antolatu dute Asghar Farhadi zuzendari entzutetsuaren gidaritzapean. Nazioarteko ospea duen profesionalaren irakaspen eta laguntzaz, film laburrak errodatuko dituzte partaideek. Otsailaren 18ra arte egongo da zabalik izen-ematea.

NIFF – Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdia ospatuko dute aurten, lehen aldiz, Meliton Estudioen, La Caixa taldearen gizarte ekintzaren eta Caja Navara Fundazioaren ekimenez. Abuztuaren 29tik irailaren 1era egingo dute ekimena, baina hilabete batzuk lehenago abiatuko diren ekitaldi osagarriez aberastuko dute jaialdiaren egitaraua. Horietako bat izango da zinegile irandarrak emango duen ikastaroa.

Maiatzaren 30etik ekainaren 8ra egingo dute, saioaren antolatzaile izango diren Meliton Estudioek Lekarozko enpresa parkean atondutako errodajerako instalazioetan. Zinemaren jarraitzaile diren orori zuzendutako mintegia izango da, profil profesionala duten zein ikasle edo zale diren horiek guztientzat. Orotara,  45 partaiderentzako tokia gordeko da hamar egun iraungo dituen ariketa praktikorako.

Zuzendariari dagokionez, mundu mailan erreferentziazko zinegilea da irandarra. Zinemaldi nagusienetako parte hartzaile finkoa da, eta ikusmiraz hartzen du nazioarteko kritikak bere lan bakoitza. Ingelesaz besteko hizkuntzan errodatutako film onenari banatutako Oscar saria irabazi dute bere lanetako bik: Jodaeiye Nader az Simin / A Separation (2011) eta  Forushande (The Salesman (2016) film dramatikoek, hain zuzen. Espainiar estatuan errodatu du bere azken lana, Todos lo saben (2018), eta zortzi izendapen jaso ditu datozen egunetan ospatuko den Goya Sarien banaketa ekitaldirako.

Otsailaren 18ra arte luzatuko da izena emateko epea, eta estudioek beraiek prestatutako online formularioaren bitartez egin beharko dute interesatuek.