Zuzendaria: Yorgos Lanthimos
Urtea: 2018
Herrialdea: Erresuma Batua-Irlanda-AEB

Azkonarra dirudizu, berorren maiestatea

Zinean gauza xelebreak gertatzen dira noizbehinka. Yorgos Lanthimos zuzendari grekoaren ibilbidea, kasu, ezin dugu esan erosotasunean oinarritua dagoenik edo instituzionalizatuegia izan denik. Orain arte sortu dituen filmak ikuslea aztoratu ohi dute, batzuetan gogaituz eta irainetik hurbil geldituz. Ez dut inoiz ahaztuko Kynodontas (2009) filmak sortu zidan harridura. Lanthimosek gizakiak muga fisiko eta moraletara eramaten ditu bere zinean [hurrengo filmak Álpis (2011), The Lobster (2015) eta The Killing of a Sacred Deer (2017) izan dira], eta horrek gizaki izatearen eredu bihurtzen ditu. Hori bai, ez gizaki onak edo xaloa, humanista optimisek ikusten zuten bezala, Lanthimosengan gizakia basati eta anker izatera iritsi daiteke. Hobbes filosofoaren hitzetan, “homo homini lupus”.

Lanthimosen film berria The Favourite da. 2018ko Veneziako Mostran Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Volpi Kopa jaso zituen (azken hau Olivia Colman aktoreak, geroago Golden Globe saria ere lortuz), eta Oscar sarietarako hautagai nabarmenetakoa da 10 izendapenekin. Hemen da bitxikeria (eta paradoxa): orain arte Lanthimosek sortutako zine desegokiak hainbat zine jaialdietan bultzada jaso du, ohiko ibilbidetik at egin duelako. Ez dut esan nahi iraultzaile bat denik, baina bai aztoragarria. Horrelako zinegile bat Hollywooden alfonbra gorritik ibiltzeak ez al du bere sorkuntzaren heriotza-ziurtagiria ekarriko? Edonola ere, esperantza badut, bere azken hiru lanetan Hollywoodeko izarrekin lan egin ostean (Colin Farrell, Rachel Weisz, Nicole Kidman, Olivia Colman, John C. Reilly edo Emma Stone) bere zine hatsak bere horretan jarraitu baitu. Zaila izango da Lanthimosen ikuspuntua mainstream industrian etxekotzea.

The Favourite garaiko filmatzat hartu dezakegu, XVIII. mende hasierako istorio bat kontatzen baitu, Britainia Handiko Anne Stuart (Olivia Colman) erregin ahularen gorabeheretan oinarritua, batez ere erreginaren alboan kutunena izateko jauregian zegoen botere norgehiagoka erakutsiz. Lehia honetan bi emakume zeuden, Lady Sarah Marlborough (Rachel Weisz) eta bere lehengusina zen Abigail Masham (Emma Stone). Filmak bi hauen arteko borroka etengabe agertzen du, eta elkarri egiten dizkioten makurkeriak zitalak eta amaigabeak dirudite. Hiru aktoreen lana txundigarria da benetan, egoera dramatikoak komediazko punttu bateraino iritsi arazten baitituzte.

Makiaveloren esaldiaren jarraitzaileak dirudite aipatutako biek (“helburuak bitartekoak justifikatzen ditu”). Horrelakorik askotan ikusi dugu pantaila handian, baina The Favourite ikustean bi filma etorri zaizkit burura: All About Eve (Joseph L. Mankiewicz, 1950) eta Dangerous Liaisons (Stephen Frears, 1988). Haietan arrakasta eta boterea lortzea pertsonaien helburuak baziren, Lady Sarah eta Abigailen arteko lehiak erreginarengan eragina (eta boterea, azken finean) izatea du asmoa.

Bi pertsonaia hauen handinahia erreginaren jauregiko gainbeheran argi agertzen da eta ez bakarrik inguruan daudenek dituzten gehiegizko soineko, ileorde edo makilajeengatik, guztiek duten portaera itxuratiagatik, eta hitz egiteko zein mugitzeko duten jarreragatik ere bai.

Lanthimosek eta bere taldeak badakite ez direla guztiz leial izan garaiaren berreraikitzean, baina arestian aipatu bezala, zuzendari grekoak oinarrizko gai bezala giza izatea du, eta horrek bere filmetan agertzen diren gizakien portaerak baldintzatzen du, izkutuan ditugun senak agerira ekarriz.

Azkenik, The Favourite filmaren bertute azpimarragarrietako bat bere forma estetikoa litzateke. Erabiltzen diren kamera mugimendu, angelu eta enkoadraketa bereziek (angelu handiko irudiak eta kontrapikatuak batez ere) urduritu egiten gaituzte maiz; eta gauza bera gertatzen hautatutako argazkilaritzan, argiak jauregiko espazioak erraldoitzen eta pertsonaien mozorroak estalgabetzen baititu.

Entzuten dugun musikak (Vivalditik Haydnera, garaikideak ditugun beste konpositore batzuekin batera: Luc Ferrari edo Philip Glass, adibidez, baina baita Elton John ere), gainera, ez du ingurua edertzen, eta gehienetan ikuslean deserosotasuna areagotzen du.

Nahiz eta urtea hasi berri den, 2019ko filme hoberenen artean The Favourite egongo dela ziur naiz. Yorgos Lanthimos zuzendariaren ibilbideari dagokionez, berriz, ausardiarekin jarraitzea espero dut, irabazi ditzakeen Oscar sariek ez badute hori eragozten.