FIPADOC jaialdian izango da Kanaldude

Datorren urtarrilaren 22tik 27ra ospatuko dute FIPADOC – Biarritzeko Nazioarteko Dokumentalen Jaialdiaren edizio berria. Eragile gisa arituko da bertan Kanaldude Herri Telebista, zinema eta euskal zinemari buruzko hiru topaketen antolakuntzarekin.

Nazioarteko zinema dokumentalaren jaialdia da FIPADOC, 2018ko ekainaz geroztik, FIPA festibala zenaren ondorengoa. Urtarrilaren 22tik 27ra egingo dute 2019ko edizioa, eta ohi bezala, ikus-entzunezko alorreko profesionalen topagune bihurtuko da, nazioarteko proiektuen garapena sustatzeko. Bertan izango dira Kanaldude Telebistako kideak urtarrilaren 23an, festibala bera eta euskal zinema jorratuko dituzten hiru jardunaldirekin.

Hala, hiru plato ezberdinetan banatuko dituzte jarduerak, eta ondorengoak dira jorratuko dituzten gai konkretuak: FIPADOC festibala bera, euskal zinema eta Euro eskualdeko ikus-entzunezkoa. Gonbidatu desberdinen hitz-hartze eta aurkezpenen bitartez, Akitania zein, oro har, Euskal Herriko sortzaileen ikusgarritasuna indartu nahi dute. Hots, badela etxetik hurbil zinema egiteko aukerarik, derrigorrez Madril edota Parisera jo gabe.

Horrez gain, produktore lanaz arituko diren hainbat profesional izango dira Biarritzen. Bere jardunaren inguruko azalpenak emango dituzte eta, amaitzeko, produzituta daude proiektuen errealizazio bidearen berri emango dute.