Zinema maite duzu? Jaialdi baten funtzionamendua barrutik ezagutu nahiko zenukete? Boluntario gisara parte hartzeko deia zabaldu du Bilboko Gay-Lesbo-Trans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak. Urtarrilaren 25era arte luzatuko da izen-emate epea.
Filmak proiektatzeaz gainera, hamaika dira nazioarte mailako jaialdi batek eskatzen dituenak: sarrerak saldu, gonbidatuei harrera egin, komunikazio-lanak… Horiek guztiak dira Zinegoak zinemaldiaren lan-taldeak aurrera eraman behar dituenak, eta zerbitzua hobetze aldera, gazte konprometituen laguntza galdegin dute.

Adin nagusiko gazteak bilatzen dituzte, euskaldunak, eta zinemaren testuinguruan moldatzen direnak. Ezinbestekotzat jo dute denbora gaitasuna (batez ere jaialdiak iraungo dituen bi asteetan), eta hartutako erabakiarekin konpromisoa eta ardura eskatu dizkiete deialdira aurkezten direnei. Iragarri dute festibala baino lehenagoko formakuntza bat prestatu dutela bere burua aurkeztutako gazteek jaialdia ezagutu eta zereginetan trebatzeko, eta ezinbestekoa izango da ere bertaratzea.

Datozen egunetan emango dute datu gehiago, baina galdetegi bat atondu dute izen ematea gauzatzeko. Zer behar duzue zuen burua boluntario aurkezteko? Hemen eskatutako datuak bete.