Gure oroitzapenak, Joseba Sarrionandia idazle iurretarraren literaturan oinarritutako film luze kolektiboa, errodatu zuten 2018an Euskal Herriko hainbat zinegilek. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatu zuten filma, iragan udazkenean, eta hamaika txokotan aurkeztu dute ordutik. Baina zer dakigu filmaren inguruan? Non du jatorria? Nolakoak izan dira proiektuaren kudeaketa eta errodaje prozesuak? Jaso dute Sarrionandia beraren feedback-ik?

Urteetan bidelagun izan da Sarriren literatura, une askotan euskal kulturaren adierazpide nagusiena. Gure sortzailea, ordea, ikusezina izan da urte luzez, zuri-beltzeko argazki izoztua. Idazlea iruditan agertzea izan du helburu filmak, argazki batek erakusten duenaz harago. Poeta ez da ezer, bere obra ez bada. Eta horregatik, autorearen obrak iruditan jartzea izan da da hura pantailara ekartzeko modua.

Proiektua garatzeaz arduratu diren Lutxo Egia eta Mikel Arredondo ekoizleekin elkartu ginen iragan abenduko Durangoko Azokan, eta jarraian duzuen bideoan laburtu dugu haiekin izandako solasaldia. Pozik agertu ziren lanaren emaitzarekin, eta esker hitzak izan zituzten proiektua hazi ahala bidelagun izan diren Elkar, Zenbat Gara egitasmoa eta Gastibeltza Filmak ekoiztetxearentzat.