‘Green Book’, ‘Bohemian Rhapsody’eta ‘ Roma’ nagusitu dira Urrezko Globoetan

Bart ospatu dute Urrezko Globoen banaketa ekitaldia, Beverly Hillseko (Los Angeles, AEB) The Beverly Hilton hotelean egin duten galan. Green Book, Bohemian Rhapsody eta Roma izan dira garaile nagusiak, hiru eta bina garaikur eskuratuta hurrenez hurren.

Gaueko protagonistarik bada, Green Book filma izan da, hurrengo errekonozimenduak eskuratu ostean:  komedia edo musikal onenarena, taldeko gizonezko aktore onenarena (Mahersala Ali) eta gidoi onenarena (Nick Vallelonga, Brian Currie eta Peter Farrelly).

Gertutik jarraitu dute honen arrakasta Bohemian Rhapsodyk eta Romak, urteko beste bi arrakasta nagusiek. Freddy Mercuryren bizitzari eta, oro har, Queen taldearen ibilbideari begira jarri gintuen lehenegoak, eta drama alorreko film onenaren saria irabazi du bart. Horrez gain, drama generoko gizonezko aktore onenaren garaikurra jaso du Rami Malekek, Mercury hezurtu duen protagonistak.

Alfonso Cuaronen Roma filmarentzako izan dira beste sari nagusietako bi, atzerriko film onenarena eta zuzendari onenarena hain zuzen. Txanponaren beste aldea egokitu zaie, ostera,  Vice eta A star is born lanei. Hautagaitza kopuru altuena zuten filmak ziren, eta, ustez, faboritoenetarikoak, baina sari bana besterik ez du eskuratu bakoitzak. Komedia edo musikalen alorreko gizonezko aktoren onenaren sailean (Christian Bale) gailendu da lehenengoa, eta kanta onenaren sariarekin (Lady Gaga) errekonozitu dute bigarrena.

Emakumezko aktoreei dagokienez, Glenn Close (The Wife) izan da nagusi drama generoko emakumezko aktore onenaren kategorian. Maila berean, Olivia Colman saritu dute komedia edo musikalen alorreko emakumezko aktoreen artean, La Favorita filmean egindako interpretazioagatik. Taldeko aktore onenaren sailean, berriz, Regina King (If Beale Street Could Talk) izan da hautagai guztien artean onena.

Hauxe duzue, zinemaren atalari dagokionean, saridun guztien zerrenda:

  • Komedia edo musikalen generoko film onena:  GREEN BOOK
  •  Drama generoko film onena: BOHEMIAN RHAPSODY
  • Zuzendaritza onena: ALFONSO CUARÓN, Roma
  • Gidoi onena: PETER FARRELLY, NICK VALLELONGA eta BRIAN HAYES CURRIE, Green Book
  • Drama generoko emakumezko aktore onena: GLEEN CLOSE, The Wife
  • Komedia edo musikalen generoko emakumezko aktore onena: OLIVIA COLMAN, La Favorita
  • Drama Generoko gizonezko aktore onena: RAMI MALEK, Bohemian Rhapsody
  • Komedia edo musikalen generoko gizonezko aktore onena: CHRISTIAN BALE, Vice
  • Taldeko emakumezko aktore onena: REGINA KING, If Beale Street Could Talk
  • Taldeko gizonezko aktore onena: MAHERSHALA ALI, Green Book
  • Ingelesaz besteko hizkuntzetan errodatutako film onena: ROMA, Alfonso Cuarón
  • Animazio generoko film onena:  SPIDER-MAN: INTO THE SPIDER VERSE
  • Jatorrizko musikarik onena: JUSTIN HURWITZ, First Man
  • Jatorrizko kanturik onena:  ‘SHALLOW’ LADY GAGA , A star is born