Urtarrileko programazioa aurkeztu du Leioako Perseo zine-forumak

Azken urteetan ekoitzitako zinema latinoamerikar nabarmenenaren lagin bat izango da ikusgai urtarrilean, Leioako (Bizkaia) Perseo zine-forum ekimenean. Datorren asteartean, urtarrilaren 8an abiatuko dute, Los perros (Marcela Said, 2017) filmaren proiekzioarekin.

“Matar a Jesús” (2017) filmaren fotograma. Urtarrilaren 22ko saioan izango da ikusgai.

Nabarmen egin du gora azken urteetan ikus-entzunezko industriak Hego-Amerikan. Egun ospatzen diren jaialdi gehienek ipintzen dute fokua zinemagintza latinoamerikarrean, eta badira ere sail oso bat eskaintzen diotenak. Bada, azken urteetan mundu osoko zinemaldietan barna ibili diren izenburu nabarmenak ikusteko aukera eskainiko du Perseok.

Arestian aipatu bezala, Marcela Said zuzendariaren Los perros (2017) filmak zabalduko du zikloa, urtarrilaren 8an. Txileko diktaduran kokatuko du Saidek kontakizuna, eta eskuak zikintzen ez dituen pertsona horiengan jarriko du fokua.  Hilaren 15ean helduko da bigarren saioa, eta Luis Ortega zinegilearen El ángel (2018) filma izango da ikusgai. Carlos Robledo Puch hiltzailearen inguruko obra da, eta 2018ko Film Iberoamerikar onenari emandako Goya Saria irabazteko hautagai izendatu dute berriki.

Laura Mora zuzendariaren Matar a Jesús (2017) izango da hirugarrena, urtarrilaren 22an, Mendeku bila infernuraino helduko den emakume baten bizipenak jasotzen ditu zuzendariaren ‘opera prima’ izan den honek. Hilaren 29an egingo dute azken saioa, eta Lorenzo Vigas  venezuelarraren Desde allá (2015) film asaldagarria hautatu dute horretarako.