Kritika: ‘Under the silver lake’

Zuzendaria: David Robert Mitchell
Urtea: 2018
Herrialdea: AEB

Ispiluan barrena Hollywood zeharkatuz

Under the Silver Lake Los Angeles hiriari buruzko nire ikuspuntu pertsonala da, polizia-generopean hobeto konta daitekeen istorio bat: igerileku eguzkitsuak, itzal ilunak, igarobide sekretuak, familia oneko neska gazteak, hilketa misteriotsuak… Ametsen eta filmen gainean eraikitako hiri baten iruditeri ikonikoa.”

David Robert Mitchell zuzendariak asmo-adierazpen xelebre honekin aurkezten du prentsa liburuan bere hirugarren film luzea, ainguraketa finkorik gabeko kaleidoskopioa. Filmaren ildo narratiboa deskribatzen (edo aurkitzen) saiatzea alferrikako ahalegin bat dela deritzot, egitura arrazional batean ezin baitaiteke sartu horretatik at ihesi doana. Ametsa, surrealismoa, absurdoa, burugabekeria, eldarnioa, bitxikeria, irrazionaltasuna edo antzeko hitzek osatu dezakete Under the Silver Lake filmari buruzko idatziaren glosarioa. Hala ere, hitzok ezingo lukete guztiz deskribatu Mitchellen lanak ikuslean sortzen duen zorabio filmikoa. Mozkorraldi zinematografiko baten osteko ajeak sortaraziko lukeena iruditzen zait estatubatuarraren lana nola edo hala azaltzeko metaforarik egokiena.

Under the Silver Lake aipuz eta erreferentziaz josita dago (batzuetan autoerreferentzia, The Myth of the American Sleepover Mitchellen lehen filmaren irudi antzekoak ikusten dira), pop kultura eta zinearen historia nabarmenduz. Zerrenda ia amaitezina izango litzateke, baina batzuk argiak direnez, aipatu beharrekoak dira. Hauexek osatzen dute filmaren DNA.

Hitchcock handiaren itzala (eta hilobia) hor dabil etengabe (Rear Window, North By Northwest, Vertigo), baita Bernard Herrmann konpositorearen oiartzunak entzuten dira Disasterpeacek osatu duen soinu-banda erakargarrian. Bestetik, zine beltza daukagu, zehazki, Raymond Chandlerren eleberritan oinarritutako bi film, seguruenik narratiboki korapilatsuenak: The Big Sleep (Howard Hawks, 1946) eta The Long Goodbye (Robert Altman, 1973). Eta korapiloaren eta zentzugabeko narrazioaren duela gutxiko beste adibide batzuk ere topatu daitezke, noski, Lewis Carrollen Alice edo Kafkaren tradizioari jarraiki: Mullholland Drive (David Lynch, 2000), Being John Malkovich (Spike Jonze, 1999) edo Inherent Vice (Paul Thomas Anderson, 2014). Azkenik, aipu zuzenak ere badira, dena pop kulturako nahaste-borraste batean irabiatuz: filmen horma-irudiak (Creature from the Black Lagoon, Dracula, The Wolf Man, Psycho,…), Kurt Cobain, Janet Gaynor (7th Heaven), James Dean (Rebel Without a Cause), Marilyn Monroe (amaitugabeko Something’s Got to Give), Playboy aldizkaria, underground komikiak, bideo-jokoak, sekta misteriotsuak, kode ulergaitzak, eta abar amaigabea.

Mitchellen lanak ikusleak eta kritika banatu ditu Cannesko eta Sitgeseko zinemaldiak asaldatu ostean: sutsuki defendatzen dutenak adina dira gogorki erasotzen dutenak. Egia esan, ez dut uste Under the Silver Lake erotzeko modukoa denik, baina bertute ukaezinak baditu, batez ere zuzendariak jostailu erakargarri bat sortu duelako, eta gozamenaz ikusi dudala aitortu behar dut. Mitchellen aurreko filmarekin (It Follows) antzeko zerbait gertatu zitzaidan, eta beldurrezko generoan zerbait berria eta originala sortu zuela zirudien orduan.

Under the Silver Lake filmak une txundigarri ugari ditu (abesti sortzailearena bereziki bikaina iruditu zitzaidan), eta osotasunean baino, zatika gozatu daitekeen zerbait da. Nolanahi ere, bukaeran Sam protagonistaren (Andrew Garfieldek zoragarri antzeztutakoa) keinu berdinarekin geratu gaitezke, erdi irribarrez, erantzunik gabe. Zer gertatu ote da?