Estreinaldiak: Abenduak 28

Vision (Viaje a Nara)

Torontoko zinema jaialditik igaro ostean, Naomi Kawase zinegile japoniar emankorra Donostiara ekarri zuen Juliette Binoche eta Masatoshi Nagase aktoreak protagonista dituen Vision dramak; Sail Ofizialean aurkeztu zuen izadiari gorazarre egiten dion lan poetikoa.

Binoche Japoniako Nara eskualdera joango den saio-idazle frantziarra izango da. Mendietan bizi den gizonezko misteriotsu bat ezagutuko du bertan (Nagase), eta hizkuntzagatik ez ezik, kulturari lotutako talkak direla medio, elkar ulertzeko zailtasunak izango dituzten arren, gehiago jakiteko beharra sentituko dute.

Elis (Elis, la voz de Brasil)

Brasilen historiako abeslari onenaren bizitzari buruzko filma aurkeztu du Hugo Prata zinegileak. Kantariaren hastapenetatik abiatu, eta ibilbide labur bezain aktiboaren errepasoa egingo du filmak. Andreia Horta aktore brasildarrak ezin hobeto gorpuztu du gainera 1945ean jaio zen eta Bossa Nova generoari ukitu modernoago bat eman zion Elis Regina.

Under the Silver Lake (Lo que esconde Silver Lake)

Los Angeles hiriko urbanizazio batean bizi da Sam, aspertuta bizi ere. Ez du ohetik jaikitzeko indarrik ematen dion proiekturik, halako batean, bizilagun erakargarri baten etorreraz jabetuko den arte. Elkarrekin konektatu dutela dirudi, baina arrazoi argirik gabe eta gauetik goizera desagertuko da neska. Misterioa argitu nahiko du orduan Samek.

Cannesko zinema jaialditik Sitgesekora egin du bidaia David Robert Mitchell zinegile gaztearen aurrekontu handiko lehen proposamenak. Pop kulturan girotutako thriller beltza osatu du Andrew Garfield eta Riley Keough aktoreak lagun, eta aldeko zein kontrako iritziak jaso ditu. Proiektuak abiapuntu eta estetika interesgarriak dituela esango dugu…

Bumblebee

Travis Knight zinegile estatubatuarrak gidatu du asteko zientzia fikziozko proposamena, robot bihurtzen diren autoei buruzko Transformers sagako seigarren kapitulua. John Cena, Hailee Steinfield, Pamela Adlon eta Stephen Scheneider aktoreek, besteak beste, hartu dute parte 80ko hamarkadako abenturazko filmaren spin-offean.

Kolore horiko VolksWagena da Bumblebee, 1987az geroztik Kaliforniako kostaldeko herri txiki bateko txatarrategian bizi dena. Hemezortzi urte bete berri dituen Charlie Watson gazteak aurkitu eta konponduko du, eta elkarrekin egingo dute borroka mundua salbatzeko bataila epikoan.

Unfriended: Dark Web (Eliminado: Dark Web)

Aro digitalaren alderdirik ilunenaz ohartaraztera datorren beldurrezko thrillerra, Unfriended sagako bigarren atala. Levan Gabriadzeri lekukoa hartu dio Stephen Suscok, eta jatorrizkoaren freskotasuna galdu badu ere, ikuslearen arreta bereganatzeko gai dela nabarmendu du kritikak.

Matias izeneko mutil gazteak kafetegi batean egiten du lan. Galdutako objektuen kutxan hainbat astez egon den ordenagailu eramangarria etxera eramatea erabakiko du, eta artxibo misteriotsuak dituen karpeta bat aurkituko du bertan. Lagunei chat bidez bidaliko dizkien bideoak, baina, Deep Web edo indexatu gabeko interneteko edukiak izango dira, eta pixkanaka, ezkutuko alderdi horren ankerkeriak ezagutuko dituzte.

Tiempo después

Blanca Suarez, Roberto Alamo, Arturo Valls, Miguel Rellan, Carlos Areces, Joaquin Reyes, Berto Romero, Secun De La Rosa… espainiar aktore eta komiko ezagunenak ekarri ditu Jose Luis Cuerda zinegileak idatzi eta gidatutako proiektu pertsonalera. Apokalipsi osteko etorkizun batean girotu du zientzia fikziozko komedia aldrebesa.

9177. urtea. Ordezkari guztiak eraikin bakarrean bizi dira, eta hortik kanpo langabe eta gosetiak daude, egoera penagarrian. Jose Maria zorigaiztoak, ordea, mundu hobeago batean sinesten jarraitzen du, eta berak ekoitzitako limonada saltzen hasiko da eraikinean, zailtasunak zailtasun.

Al Rahal (La decisión)

2006ko abenduaren 30ean, Eld ad-Adha musulmanen jai-egun sakratuan, Sara gaztea bonba bat lehertarazteko asmoz joango da Bagdad hiriko tren geltoki berrira. Iraganako oroitzapenak eta berak zein sendiak jasandako indarkeria oso gogoan izango ditu ekintza burutu aurreko minutuetan. Baina bidean Salam gaztea ezagutuko du, eta Sarak hala nahi gabe, planak aldatzera behartuko du.

Mohamed Al Daradji zinegile irakiarrak ezin hobeto harilkatu ditu gatazka soziala eta norbanakoaren barne-borroka morala, eta kontaketa nagusia borobiltzeko baliatu ditu iraganeko gertakarien oroitzapenak. Gizatasuna eta emakume aurpegia eman dizkie zifra hutsetan geratu ohi diren gatazkei.

Await Further Instructions

Erresuma Batutik, Johnny Kevorkian zinegilearen eskuetatik, helduko zaigu ostera zinetzia fikzioa, beldurra eta intriga nahastuko dituen Gabon giroko lana.

Izan ere, abenduaren 25ean sustantzia beltz iguin batek inguratuko du Milgram familiaren etxea, eta ez dute honen jatorria jakingo. Telebistak etxean egoteko esango die, eta orduak aurrera, informazio nahasgarria eta beldurgarria heltzen hasiko zaie, espero gabeko amaiera gordin batera iristeko.

Santa & Cie (Santa Claus & Cia.)

Eguberri-eguna baino hiru egun lehenago, Bizarzuri 92.000 ipotxak gaixo jarriko dira, eta Lurrera botika bila joan beharko du. Parisera helduko da elur-oreinek bultzatutako leran, baina paristarrek ez diote esperotako harrerarik egingo.

Haur zein helduentzako komedia dibertigaria. Aktore lanak ere egin dituen Alain Chabat zinegilearen gidaritzapean aritu dira Audrey Tautou eta Pio Mamai aktoreak, besteak beste.