‘Dantza’ filmaren emanaldi berezia, abenduaren 26an Eibarren

Joan zen ostiraletik, abenduak 21, Estatu espainiarreko 24 zinema aretotan duzue ikusgai Telmo Esnal zarauztarraren lan berria, Dantza, baina horrez gain, datorren asteazkenean, hilak 26, emanaldi berezia egingo dute Eibarko Coliseo Antzokian. Zuzendaria, koreografoa, ekoizlea eta filmean parte hartu duten Eibarko hainbat dantzari izango dira bertan. Sarrerak salgai dira!

Herri baten historia dantzaren bidez kontatu nahi izan du dantzari izandako Esnalek bere lan berri homonimoan. “Tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko bat da”, sortzailearen hitzetan. Urte luzeetako lana izan da, eta proiektuan ezinbesteko oinarri izan dira Juan Antonio Urbeltz koreografoa eta Koldobika Jauregi produkzio diseinatzailea. Haiek sortu duten fantasiazko unibertsoan egin dute dantza Gari Otamendi, Amaia Irigoyen, Ainara Ranera, Joseba Astarbe eta Josu Garate dantzariek, besteak beste, eta lanak 66. Donostia Zinemaldian ikusi zuen argia, Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo. Greenpeace erakundearen Lurra saria jaso zuen bertan.

Bada, abenduaren 21ean heldu zen zinemetara maisulana, eta Estatuko 24 aretotan izan da ikusgai asteburuan. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako zinemetan ez ezik, Madril, Bartzelona, Valentzia eta Mallorcan ere eskaini dute, eta egileen hitzetan, kritikaren eta publikoaren beroa jaso du estreineko saioetan.

Abenduaren 26an, Eibarren

Gabonetan, baina, proiekzio berezi bat egingo dute Eibarren, filmaren finantzaketan lagundu duen SD Eibar Fundazioko ordezkarien eta filmean parte hartu duten dantzarien parte hartzeari esker. Emanaldia 20:30ean hasiko da, eta bertan izango dira Telmo Esnal zuzendaria, Juan Antonio Urbeltz koreografoa eta Marian Fernandez ekoizlea, aipatutako dantzariez lagunduta.

Filma aurkeztuko dute, eta ostean solasaldia egingo dute bertaratutako lagunekin. Sarrerak salgai dira jada 5,5€ euroan.