Kritika: ‘Another day of life’

Zuzendariak: Raúl de la Fuente eta Damian Nenow
Urtea: 2018
Herrialdea: Espainia – Polonia – Belgika – Alemania

Anabasa Angolan, animaziozko maisu lan batean
Kazetaritzan letra larriz idatzi beharreko izen bat da Ryszard Kapuściński (1932-2007), munduan zehar bizi izan zituen gatazken erreportaje eta idatziekin berriemailearen irudia zeharo eraldatu baitzuen XX. mendeko azken hamarkadetan. Bere lanik aipagarrienetarikoa “Jeszcze dzień życia” da (“Beste egun bat bizirik”) eta bertan Kapuścińskik 1975ean Angolan bizitako denboraz diardu. Garai latza eta gogorra izan zen: Angolak Portugaletik independentzia lortu berri baitzuen 400 urteko kolonizazio ostean, eta kazetari poloniarrak bertan egon behar zuela sentitu zuen. Hala ere, independentziak ez zuen bakea ekarri eta Afrikan luzeen iraun duen gerra zibila hasi zen orduan (2002ra arte ez zen amaitu).

‘Arrazako’ kazetari izanik, Luanda hiriburuan lur hartu zuen 1975ean. Angolar gatazkan bete-betean sartu zen horrela, pertsonai ugari eta erakargarriekin topatuz (beste kazetari batzuk, bando desberdinen gerrillariak, militar boteretsuak,…). Guzti honen emaitza 1976an argitaratutako liburua da, baina kazetariak modu oso pertsonalean idatzi zuen, eta erreportai hotzaren mugak gaindituz, beste ezaugarri ederrago eta poetikoagoak gehitu zizkion.

Raúl de la Fuente nafarrak eta Damian Nenow poloniarrak beren indarrak elkartu dituzte Kapuścińskiren lana film batean bihurtzeko, baina sortu dutena ez da ekoizpen arrunta, aparteko obra baizik. De la Fuentek zine dokumentalean duen esperientzia [gogoratu Nömadak TX (2006) dokumentala eta Goya saria jasotako Minerita (2013) film laburra] Nenowen animazio bikainarekin elkartu eta urteetan lanean egon ostean Another Day of Life maisu lana sortu dute. Aurten Cannesko Zinemaldian lehiaketaz kanpo eman zuten kritika ezinhobeak jasoz, Annecyko Animaziozko Zinemaldian eta Donostia Zinemaldiaren Perlak sailean ere egon zen, non Publikoaren Saria eskuratu zuen. Berriki animazio saileko Goya saria jasotzeko hautagaien izendatu dute (zergatik ez dute Black Is Beltza ere izendatu?) eta hori gutxi balitz, iragan igandean Europako Zine Sarietan urteko animaziozko film onenaren saria jaso du.

Another Day of Life filmak bi modutan erakusten dizkigu kazetari poloniarraren bizipenak Angola gatazkatsu hartan, animazio eta irudi erreala modu oso originalean tartekatuz. Eleberri grafikoaren antzeko animazioa lehenaldiko gertaeretarako erabiltzen da, eta irudi erreala gaur egungoetarako. Gehienbat filma animazioak osatzen du, baina egungo irudiek (Angolako paisaiak, angolar biztanleak, artxiboko irudiak, Kapuścińskik ezagututako pertsonak elkarrizketatuak 40 urte geroago,…) ukitu bitxia ematen diote, sinesgarritasun berezi batez guztia hornituz. Adibidez, Carlota edo Farrusco pertsonaiak animaziozkoak izatetik irudi errealera igarotzen direnean (artxibozkoan edo egungo irudietan), zerbait zoragarria gehitzen zaio filmari, baina ez du horregatik errealitate izpirik galtzen.

Aurreiritziek animazioari min asko eman diotela esan beharra dago eta sarritan kontatzen denaren errealitatea mugatzen ohi dute, kontutan hartu gabe zinean emozioak eta istorioak kontatzeko bidea anitza dela (ikus-entzunezkoa beti artifizio bat da, bai animazioan, bai irudi errealan). De la Fuente-Nenow bikotearen filma abenturazkoa da, baina baita ere akzioduna, politikoa, onirikoa, gogoetatsua, morala, eta zergatik ez, dibertigarria. Zuzendariek hibridazioaz ere hitzegin dute, “animaziozko film luze dramatiko eta estilizatu” bat dela aipatuz. Dena dela, Another Day of Life zer den bilatuz gero, filman bertan erabiltzen den “confusão” topatuko genuke, nolabait Angolan (eta hedaduraz, Afrikan) dagoen egoera kaotiko eta nahastea modu zehatzean laburbiltzen baitu. Benetan, ez galdu film zoragarri hau.