‘Ploey’ filmaren euskarazko estreinaldia egingo dute gaur

Ploey – Ez duzu inoiz bakarrik hegan egingo film islandiarraren euskarazko estreinaldiarekin emango dio amaiera Zineuskadik 2018ko Zinema Euskaraz programaren uztari. Gaurtik, abenduaren 14tik, aurrera egongo da filma ikusgai EAEn eta Nafarroako zinema aretoetan.

Árni Ásgeirsson zuzendariaren animaziozko film jostagarri eta hunkigarri honek txori gazte baten istorio ederra ekarriko du irudietara. Etxeko txikientzako sortua izan bazen ere, familia giroan gozatzeko aproposa da txori maitagarri honen abentura. Udazkenean, bere familiak emigratzen duen garaian, txoria oraindik ez da hegan egiteko gai.

Hori dela eta, Artikoko negua pasatu beharko du, etsai basatiei zein bere buruari aurre eginaz, hurrengo udaberrian berriro ere familiarekin elkartzeko. Bidean, espezie askotariko lagun berriak egingo ditu, eta haiek lagunduko diote bizirauteko helburua betetzen.

Ploey filmaren estreinaldiarekin, hamaika dira jada aurten euskaraz estreinatutako filmak. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Zineuskadiren bitartez kudeatutako programa arrakastatsua da Zinema Euskaraz, eta 2019an ere, zinema komunikazio kulturalerako tresna gisa erabiltzen jarraitzeko asmoa dutela iragarri dute. Hala, film berriak euskaratzen eta eskaintzen jarraituko dute datorren urtean.

Gabonak zineman

Estreinaldi berriarekin batera, Zinegabonak programaren itzulera iragarri dute ere, euskarazko emanaldi, zozketa eta familia osoarentzako stop-motion ikastaroekin. Abenduaren 26tik 30era arte, filmen emanaldi bereziak atondu dituzte Donostia, Bilbo, Errenteria, Iruña, Zornotza eta Urruñako zinema aretoetan. Gainera, Barakaldon ospatzen den Gabonetako Haur Parkean egongo dira ere, abenduaren 22an eta 23an, eta urtarrilaren 2an eta 3an.