Animazioa, proiektu pertsonalen ibilbide malkartsua

Film bat egitea, luzea zein laburra, milaka piezako puzzle bat amaitzea bezalakoa da. Baina animaziozko film bat osatzerakoan orduan, mahaia bera hasten da dantzan, eta prozesua are higatzaileagoa eta nekezagoa da. Halaxe azaldu ziguten atzo Durangoko Azokako Irudienea gunera gonbidatu genituen lau adituek Animazioa Euskal Herrian. Zer gertatzen ari da? solasaldian. Ilargiak bezala, dena den, animazioak ere badu bigarren aurpegia, eta horren inguruan aritzeko aukera ere izan genuen (laburpen-bideoa prestatzen ari gara).

Goizeko 11:00etan egin genuen hitzordua Euskaltzaleen Topaguneak kudeatzen duen ikus-entzunezko sorkuntzaren gunean, eta puntual-puntual hasi genuen solasaldia Juanjo Elordi ekoizle eta animazio zuzendariarekin, Izibene Oñederra ilustratzaile eta EHUko irakaslearekin, Esther Cabero Kimuak programako koordinatzailearekin eta Xegun Altolagirre gidoilari eta sortzailearekin.

Animazioaren gorakadaz galdegin genien, haien pertzepzioak gurearekin bat egiten ote zuen jakiteko, eta erantzun argia etorri zen Elordiren partetik: “Hamarkada batean izar elkarketa bat eman da, eta horren emaitza ikusi dugu azken aldi honetan. Laguntza sistemak, konpetentzia… guztiek egin dute bat. Baina amaitu da animazioaren garaia, eta ia zelan ateratzen garen”.

Oñederraren lan-esparrua, aldiz, oso bestelakoa da. Laburrak egiten ditu berak, esperimentalagoak, gidoi zehatzik jarraitzen ez dutenak, irudien arabera egokitutakoak, askeagoak… Lehen hatsetik azkenekora gidatzen du proiektua, eta bere lanekin erdietsitako arrakastari esker (Hezurbeltzak, una fosa común -2007- eta Otzanak, for your own safety-2013-), diru-laguntzen epeekin malguagoak izan daitezen lortu du. “Nire kasuan, denbora oso beharrezkoa da, baina baita zure lana babestu eta indartuko duen taldetxoa osatzea ere”.

Mugak eta aukerak eskaintzen ditu taldeak, ekoizleek gidoigileekin egiten duten eran. Eta askotan ez da erraza haiek jarritako labirintoan irteera topatzea: “Arrautzak ematen dizkizute, patatak eta tipula. Eta zerbait egiteko eskatzen dizute, baina ez dadila tortilla bat izan”, azaldu zuen Altolagirrek. Horregatik, atzerritik datozen superprodukzioei aurre egiteko modu bat da tokiko gaiei buruzko filmak osatzea (Olentzeroren saga, kasu), eta nazioartera zabaltzen jarrita, ez pentsa harrera txarra izaten dutenik!

“Orokorrean, film laburren harrera oso ona da”, gehitu zuen Caberok. “Animazioa oso ondo saltzen da nazioarteko jaialdietan. Kasu askotan, beste genero batzuk baino errazago, gainera. Muga, ordea, lan horien pantailaratzean dago, ikuslegoari helarazteko unean, alegia”. Izan ere, laburren eta luzeen ibilbideak eta sabaiak oso ezberdinak dira, eta proiektuek horren araberako arriskuak hartzen dituzte.

Animaziozko filmak proiektu pertsonalak izaten direla kontatu ziguten, eta kosta ala kosta, urteak aurrera eta diru zein denbora inbertsio handiak eginez, bukatzen dituztela. Zergatik? “Kontatu beharreko istorio bat dagoelako atzean, ala interes pertsonal eta berezi bat duzulako, edo teknika jakin batekin lan egiteko gogoagatik…”, adierazi zuen Elordik. Raul de la Fuenteren Another Day of Life eta Fermin Muguruzaren Black is Beltza ditugu aurtengo uztaren bi adibide arrakastatsu.

Solasaldiak ordu eta laurdeneko iraupena izan zuen, eta beronen laburpen-bideoa osatzen ari gara. Bitartean, gozatu Twitterren jaso genuen aipu-zerrendaz.