Jabetzen gara gure kontsumo bide konbentzionalek gordetzen dituzten indarkeria matxistez? Nola sortzen dira? Zer inpaktu dute gugan, kontsumitzaileongan? Galdera guzti hauei erantzun bisuala emango dien Fabricando mujeres dokumentala errodatu du Paula Iglesias zinegileak. Amaitu berri den ZINEBI jaialdian aurkeztu dute, eta bihar egingo dute estreinaldi ofiziala Bilborock aretoan.

“Jarrera matxistak kontsumoaren bidez betikotzea ahalbidetzen duen mekanismoa ulertzen dugun neurrian, baditugu beharrezko oinarri eta ezagutzak indarkeriarik gabeko kontsumo  aukera berriak eraikitzen hasteko, horrela plazaratu zuen gaia Iratxe Arteagoitiak, ‘Indarkeria kontsumitzen dugu?’ ikerketaren arduraduna. Hain zuzen, egilearen lanaren emaitzak modu erraz eta bisualean eskaintzea izan da dokumentala errodatzearen helburua. Ikerketa oinarri gisa hartu, eta banan-banan atzeman eta argitara atera dituzte gure gizartean naturalizatuta eta barneratuta dauden, eta ohikotzat jotzen ditugun indarkeria horiek.  Horrez gain, horiek emakumeen egunerokotasunean utzitako ondorioak zenbatu dituzte ere bai.

Maite da dokumentalaren protagonista,  80 urterekin Emakumeen Fabrikako soberakinak asmakizunak egin asmoz jasotzen dituen emakumea. Bere tailerrean espazio eraldatzaile bat eraiki du Emakumeen Fabrikak zabaltzen dituen estereotipoei erantzuna emateko. Honetarako baditu zenbait bidelagun. Bere egonezinak eta kezkak pertsona sare honekin elkarbanatuko ditu iraultzarako prestatzen diren bitartean.

Umoretik eginiko lanketa

Maite (Itziar Aizpuru) kontatzen duen istorio horrek, zenbait adituei egindako elkarrizketek eta elementu grafikoek irudikatu dituzte arestian aipaturiko indarkeriak; era zuzenekoan, estrukturalean edota modu sinbolikoan ematen diren jarrera edo egoerak. Bi mundu desberdinek osatzen dute dokumentala, emakumeen fabrikak eta Maiteren tailerrak irudikatuko dituztenak: fabrikan estereotipoak azaltzen dira, eta tailerrean horiek gainditzeko aukerak proposatu. Hala, Maitek  elkarrizketak izango ditu bide horretan aliatuak diren zenbait aditu eta taldeekin: Pikara Magazine, Afrofeminas, Silvia Federici, Yolanda Dominguez, Silvia Agüero…

Egungo gizarteko lakra gordinetarikoa izanagatik, umorea izan da filmaren atzean  dagoen Al Borde Film taldeak hautaturiko komunikazio tresna: “Dokumental honek gerrilla ukitu batekin landuko du gaia, biktimismotik alde eginez, jabetze bidean”.

Dokumentalaren estreinaldia eta bira

Bilboko ZINEBI-Dokumental eta Film Laburren Jaialdia izaten zuten lehen agertoki, festibaleko Bertoko Begiradak atalean parte hartu baitzuten. Estreinaldi ofiziala, ordea, bihar egingo dute, azaroaren 20an, 19:00etan Bilborock aretoan atonduriko aurkezpen saio batean. Biharkoan, gainera, hizketatxoa egingo dute filmaren landaldearekin, eta elkarrizketatuak izan diren emakumeetako bi izango dira bertan: Yolanda Jubeto eta Irati García.

Beste zenbait aurkezpen saio egingo dituzte ere datorren astean Elgoibarren (azaroak 27), Gasteizen (azaroak 28) eta Donostian (azaroak 29), eta, abendutik aurrera, Espainiar zein nazioarteko beste hainbat herritara ere zabalduko dute bira.