Hilaren 21ean hasiko da Donostiako Zinemaldia, eta jaialdian parte hartuko duten euskal ekoizpenen jarraipen zorrotza egingo du aurten ere Zurriolako butaka saioak, ZINEA eta beste euskarazko bost komunikabideren elkarlana medio. Streaming bidez emango dugu saioa atarian bertan.

Saioa egonkortzen ari da urtez urte, eta euskal zinemako hainbat sortzailek programa ikustera animatu dituzte herritarrak. Klara Badiolak, Itziar Ituñok, Joseba Usabiagak, Josean Bengoetxeak, Jon Garañok, Ximun Fuchsek, Katti Pocheluk, Koldo Almandozek, Jorge Gilek eta Maider Fernandezek saioa babestu dute, Zinemaldian euskaraz egiten den programa bakarra, alegia.

Programa egunero ikusi ahalko da, hedabide parte-hartzaileen euskarrietan, Zinemaldiak irauten duen egunetan. Egunero arituko gara Kursaaletik elkarrizketak egiten, eta, urtero bezala, euskarazko filmek eta dokumentalek hartuko dute protagonismoa.

Zurriolako Butaka saioan parte hartzen duten komunikabideek prentsaurreko bat emango dugu datorren astelehenean, berrikuntzak aurkezteko. Izan ere, aurreko urtearekin alderatuta, saioak berritasun garrantzitsuak izango ditu.