Gora San Fermin!

Hemen nator berriz, zinearen inguruko kontuekin. Eta blog honen izenari fidel, banator 3 kontu apaitzera.

Laster lehertuko da festa Iruñean, ‘giriak’ hemen daude, eta datozen orduetan etorriko dira bertze hainbertze. Diote Hemingwayek eman ziela ospea San Fermin jaiei Fiesta liburuarekin. Baina ez dira festa hauek letretara mugatu, pantaila handira ere iritsi baitira. Lehen aldia, 1954ean, Fiesta liburuaren egokitzapena izan zen.

Umorea, San Ferminak eta zezenak. Horiek nahasten dira Billy Crystal aktorea protagonista duen City Slickers filman. Zezenen aurrean lasterka, entzierroaren erdian, horrela hasten da filma. 260 segundoko umore yankeea, edo barrez lehertzen zara….edo ez. Rock and Roll erritmoan egiten dute lasterka, ‘andale, andale!’ ohi artean…

Estafeta kalean, zezenen aitzinean ikusi ditugu Simpsondarrak ere.

Hara! eta munduko xagu ospetsuena ere zezen artean.

Ikusi dugu geografia arazo larriak dituela Tom Cruisek. Zezenen aurrean aritu da, baina ez korrika, baizik eta motor batean gainean. Inguruan, bertze korrilakariak, txuri eta gorriz, baina hara, ez da Iruñean. Sevilla da. (Are gehiago, ihesaldian ikusten diren kale batzuk Cadizen errodatuak dira)

Bollywoodera ere iritsi ziren Sanferminak 2012an. Zindagi Na Milegi Dobara Bollywood industriaren film arrakastatsuena izan zen. 3 gazten indiarren bidaia kontatzen da film honetan, eta  Buñol herriko ‘Tomatina’ ere agertzen da.

Baina Sanferminak hizpide ditugula aipatu nahiko nituzke ere bertze bi dokumental eta bi urteurren:

1. Aurten 40 urte betetzen dira polizia Iruñeako zezen plazan sartu eta suzko balekin karga egin zuenetik. 150 zauritu baina gehiago egon ziren, bai plazan zein ondoren inguruko kaleetan sortutako istiluetan. Poliziak German Rodriguez  gaztea hil zuen, kopetatik sartu zioten bala. Ordu gutxitara hil zen.

Ez da sekula epaiketarik egin. Dokumental honetan kontatzen da 1978ko uztailaren 8an gertatutakoa. Ez da nire ustez dokumental zoragarria, baina, bere funtzioa ederki betetzen du, eta horrelakoak ere behar dira: Gertatu zena kontatzea, belaunaldi berriei transmisio bat egitea….

2. Eta beste urteurren bat, Nagore Lafagge gazte irundarraren hilketa. Elena Tabernak egin zuen dokumentala: “Nagore”.  Asun Casasola,  Nagoreren ama,  elkarrizketatu dugu Info7 irratian orain gutxi, eta hark esan zigun inoiz ez zuela pentsatuko dokumental batek hainbesteko eragina izan zezakeenik. Eskolaz eskola ibiltzen da bera, dokumentalarekin batera gida didaktibo bat daukate eta ikasleek galderak egiteko aukera badute.

Bukatuta lanak. Kontatu dizkizuet hiru gauza:

  1. Sanferminak beti direla aitzakia ederra film eta marrazki bizidunetarako.
  2. Aurten 40 urte bete direla german Rodriguez hil zutenetik eta, oraindik, ez duela inor epaitu. Zer gertatu zen jakiteko ikusi “German”-
  3. 10 urte bete direla Nagore Laffageren erahilketatik. “Nagore” dokumentalak jasotzen du gertatuta.

Sanferminetan ikusiko dugu elkar,  marianito artean bada, hobeto.