Gizakiaren etorkizuna, iluna eta etsigarria izango da. Hollywood aldetik datozkigun film gehienei erreparatzen badiegu behintzat, hori da pentsatu beharko genukeena. The Hunger games ala Insurgent bezalako saga kaskarrek, adibidez, distopiaren gaia berriro ere modan jartzea lortu dute. Argi dago, gai hori aipatze hutsarekin eleberri eta idazle ugari datozkigu burura: Aldous Huxley, George Orwell, Ray Bradbury edo Philip K. Dick, besteak beste. Kontuan izanik gaur egungo gidoi asko jorratzeko distopiaren gaia sarritan txertatzen dutela, galdera bat planteatu nahiko nuke: moda iragankor baten aurrean gaude, ala mundu osoan bizi dugun egoera horren isla bat dira? Eta, uste duguna baino errealagoak eta hurbilagoak sentitu beharko genituzke?

Betidanik existitu dira istorio distopikoak, baina, lehenik eta behin, zer da distopia bat? Asimov-ek, neurri batean, Frankenstein efektu moduko bat bezala deskribatzen zuen.  Definizioak honela dio, “pertsonen askatasun, eskubide eta ongizatearen aurkakoa izateagatik nabarmentzen den gizarte eta talde bat da, non kontrola eta indarkeria nagusi diren. Utopiaren aurkakoa da. Terminoa bereziki proiektuzko, irudimenezko nahiz fikziozko gizarteei aplikatzen zaie; horrela 1984, Fahrenheit 451, Bai mundu berria eta Laranja mekanikoa eleberri distopikoak direla esaten da.” Istorio batzuetan etorkizuna distiratsu eta positibo irudikatzen den bezala, distopietan normalean ez. Etorkizuneko fikziozko gizarte bat irudikatzen dute. Bizi baldintza eskasak dituena, pobrezia, zapalkeria, segregazioa, gerrateak, basakeria, beldurra eta abar luze bat gehituz.

Sarritan post-apokalipsia kontzeptuarekin nahasten da. Post-apokalipsia edo eszenatoki apokaliptikoa, hondamendi global larri baten ondorioz sortutako egoerari deritzo. Mundu post-apokaliptiko batean bizitza eta mundua, ezagutzen ditugun bezala, aldatu edo suntsitu egin dira. Eragileak ugari izan daitezke, hala nola: hondamendi nuklearra, pandemia eta hondamendi natural larriak. Gaia oso ohikoa da zineman zein literaturan eta komikietan, baina ez du zertan distopia bati lotua egon behar. “The Road” film bikaina adibidez, ez nuke distopia baten barruan kokatuko.

Zergatik distopiak?

Argi dago maiz errepikatzen den kontzeptua gizakiaren-lerrokatzea izaten dela. Biziraupena lortzea, ustelkeria dagoen gizarteetan. Horregatik azken urteetan distopiak izaten ari diren arrakastaren zergatia argi ikusten dut: gaur egungo gizartearekin paralelotasun ugari dituztelako.  Bizkaiko Hitza egunkarian, Igor Elorduik artikulu batean zera zioen “Distopikoa da leku bat non, alde batetik, herritarren segurtasunaren izenean, 150 lagun bizi diren Errekaleor bezalako auzo bat suntsitu gura duten; eta, bestetik, bazterketa egoeran egon den familia bereko lau kide etxean erreta hil diren. Distopia da, adibidez, gaur egungo Euskal Herria. Akaso, horregatik aptatzen da hain gutxi, errealitatearen antz handiegia daukalako.”

Adibide batzuk:

A Clockwork Orange- (Stanley Kubrick 1971)

Garaiko gizarteari eginiko kritika islatzen du, guztiok daukagun baina ezkutatu egiten dugun alderdia erakutsiz.

distopia3

Blade Runner – (Ridley Scott 1982)

XXI. mende hasieran, ingenieritzat genetikoaren aurrerapenei esker, Tyrell Corporation boteretsuak Nexus 6 izeneko robota asmatzen du. Gizakiaren oso antzekoa, baina honek baino indar eta bizkortasun gehiagorekin. 80ko hamarkadan egindako aurreikuspen ekonomikoak ageri dira etengabe filmean: Japoniak AEBak menperatuko zituela uste zuten garai hartan ekonomialari estatubatuar ezkorrenek. Hala, hizki japoniarrez betetako Los Angeles distopikoa azaltzen digu filmak.

distopia2

Fahrenheit 451.  (1966  François Truffaut)

XX.mendeko distopiarik ezagunenetarikoa. Adierazpen askatasuna jazarria dagoen mundua eta liburuen jabetza da debekatua dagoen gauzetako bat. «Fahrenheit 451» etorkizun beltz baten aurreikuspena da.

distopia4

Stalker (1979 Andrei Tarkovsky

Errusian erori den ustezko meteorito baten ondorioz, debekatua dago “Gunea” deituriko kokalekura sartzera. Debeku honen gainetik, “Stalker” deiturikoek eremu horietan sartzera ausartzen direnak laguntzen dituzte.

stalker1

Soylent Green (1973  Richard Fleischer)

Distopia ekologikoa eta etikoa. New York distopiko batean, hondamendi ekologikoak miseria zabaldu du. Polizia batek Soylent erakundearekin lotua dagoen aberats baten hilketa ikertu beharko du.

0_soylent-green

Twelve Monkeys (1995  Terry Gilliam)

2035 urtea. Milioika pertsona hil dira birus hiltzaile baten eraginez izandako epidemia baten ondorioz. Bizirik irten direnak, lurrazpiko elkarte heze eta hotzetan babesten dira.

12-monkeys

Metropolis (1927  Fritz Lang)

Kontakizuna etorkizun distopiko batean kokatzen da, hiri erraldoi batean. Gizartearen antolamenduari buruzko gogoeta egiten da, langile klasearen eta ugazaben arteko krisi sozial bat agertuz.

distopia7

Brazil (1985, Terry Gilliam)

Makinak nagusi diren etorkizuneko unibertso etsigarri eta bitxi batean kokatuko gaitu.

distopia8

Children of men (2006  Alfonso Cuarón)

P.D. James idazlearen The Children of Men izeneko liburuan oinarritua.

2027 urtea. Gizakia desagertzeko zorian dago: gizonezkoek, ugaltzeko gaitasuna galdu dute eta emakumezkoak antzu geratu dira.

distopia1

Den Brysomme mannen (2006  Jens Lien)

Andreas hiri arraro batera iritsi berri da. Berehala ohartuko da, ordea,  zerbait ongi ez dabilela. Hiritik ihes egiten saiatzen da, baina irteerarik ez dagoelaz jabetuko da.

distopia5

Strange Days (1995  Kathryn Bigelow)

Bi egun besterik ez dira falta 2000 urtera iristeko, eta Los Angeles hiriko kaleak jendez gainezka ageri dira. Horien artean Lenny, beste pertsonen bizipenak erreproduzitzeko gai den txip-a saldu nahian dabilen tipoa.

strange-days

1984 (1984  Michael Radford)

George Orwellek, 1948an idatzitako fikzio-politikako eleberri distopikoan oinarrituriko kontakizun ezaguna.

distopia6

Alphaville, une étrange aventure de Lemmy Caution (1965 Jean-Luc Godard)

1960ko hamarkadako itxura paristarra du Alphaville planetak, baina bertako gizartea, distopia totalitario bat da izatez.

alphaville

Mommy (2014, Xavier Dolan)

Fikziozko Kanada hirian, lege berri bat onartu da: arazoak dituzten semeak kontrolatzeko ezgai diren gurasoak, hauek, zentro berezi batean sartzeko aukera izango dute.

mommy-1075x605