Markel Goikoetxea Markaida, 2018ko urria

Barriro be, barriro lortu dabe Aitor Arregi eta Jon Garañok. Chapeau! Loreak filma gitxi izan bazan, oraingo honetan Aundiya da egin dabena. Euskal Herriko zinemagintzaren historiako aurrekontu altuena dauan pelikularen aurrean gagoz, eta igartzen da.

1

Tematikoki, Handia, detaile guztiz eta kriterio onez egina dagoela ikus daiteke. Adibide gisa, Isabel II.a Borboikoa erreginarekin biltzen diran uneko eszena da, pelikulan irribarre gehien ataratzen dauzan eszena, hain zuzen be.

“- ¿Es retrasado?

  – No, es vasco.”

1836-1861 urte bitartean kokatzen doguz gure Eleizegi anaiak, euskal historiaren etapa garrantzitsu zein erabakiorrean. Karlisten eta Isabelinoen arteko gerrateek gure altzotarren patua idatziko dabe, dudarik gabe. Istorioko pertsonai guztien bizitzak hankaz gora jarriko dabez, bai gerrara joan beharra izatearren ta baita etorriko denaren ezjakintasunagatik.

Munstroaren estereotipoaz harago, bere barneko gizatasunari buruz datza Handia. Bapatean, eta inolako aurrekaririk gabe, geure burua aldaketa baten aurrean aurkitzeaz ere ari da.

Anai biak elkarrengandik inoiz baino gehiago urrunduko dauzan aldaketa tiro batez errepresentaturik agertzen da:

  • Martinek, tirokatzen dabenean, besoa ezin izango dau gehiago mugitu. Estankatuta gelditzen da.
  • Joaquinek aldiz, une horretan bertan, gigantismoa pairatuko dau. Une horretatik aurrera, bere anaia ez bezala, etengabe hazten joango da.
2

Kontrastean, Martin geldirik eta Joaquin etengabe hazten.

Errealitate barri horren aurrean, onarpen edota ukazio jarreren arteko lerro finean aritzean dago gatazka.

Baina azkenean erakusten jakuna zera da, garrantzitsuena eztala nora jo ezta ze helburu daukagun bakoitzak, horraino heltzen nork laguntzen deuskun baino.

Joaquinek, etengabe hazteko joeraren aurrean dauan ezjakintasun eta inpotentziak, inflexio-puntu bat dauka istorian zehar, Stonehenge harri eraikuntzako eszenan, hain zuzen be. Une honetan bertan, bere gaixotasunaren alde optimista eta magikoa ikusten dau, hortik aurrera probetxua ataratzeko moduko ezaugarritzat hartzen daualarik. Martinek aldiz, denbora gehiago behar izango dau bere ahuleziari aurre egiteko.

3

Joaquinen barne gatazkaren errepresentazio metaforiko gisa, balea agertzen jaku, lehen aldiz ikusitakoan berarekin oso identifikatuta sentitzen dalarik. Itsaso zabalean, bakardadean uger egiten dauan animalia erraldoi eta bihotz-onekoa berez; lantzean behin beste bale batzukaz elkartu leitekeena baina talde handietan ibiltzeko ohitura ez daukana. Balea ikusteak, eta Stonehenge-ko bilerak, lagunduko deutsoe perspektiba barri baten jabe izaten.

Animaliak garrantzi handia hartzen dabe istorioan zehar, ta horren adibide argia otsoaren presentzia dogu.

Hiru alditan ageri jaku otsoaren figura:

  1. Otsokumea, anai biak gaztetan batera agertzen diranean, inozentzia eta ezjakintasunaren irudikapen gisa.
  2. Otso heldua, Joaquin karretan dagoen momentuan, arriskuaren adierazpide. Bera da Joaquin  maldan behera bultzatuko dauana, bere ikara guztiak azaleratu eta anaiarengandik inoiz baino gehiago urrunduko dauana.
  3. Joaquinen heriotzean kamerari so dagoan otsoa, aurpegikera on eta guzti agertzen jakuna. Basapiztiaren barneko izaera on eta adeitsuaren irudikapena, Altzoko erraldoiaren mimesi gisa.

Argazki-zuzendaritzari dagokionez, orain arte ohituta euki ez gaituan euskal zinemagintzaren aurrean aurkitzen gara Javier Agirreri esker. Handia-ren argazkiari buruz esateko gauza asko dagoz, baina labur-labur eta puntu garrantzitsuenak iruditu jatazanak azpimarratuko dodaz:

  • Enkuadreari dagokionez, ikus-entzunezko mintzaira sinple baina eraginkor bat darabilte egileek: pertsonaien unean uneko egoeren islada garbia dira aukeratutako planoak. Hona hemen adibide batzuk:
4

Martin Bilbora doa etorkizun baten bila, iluntasunetik argira daramaten lerroei jarraituz.

5

Anai biak paktu bat egiten dabe elkarren artean, etorkizunean baserria bien artean eramango dabela esanez. Paktu hori, itzalean markatuta gelditzen da, etorkizunean oroitzapen bihurtuko dan itzala, hain zuzen be.

6

Orain arteko bide guztiak jarraituz, murmoi/lanbro artera heldu da Joaquin, inongo argitasunik ez dagoan etorkizunik gabeko tokira.

8

Aitak eta semeak etorkizunari buruz hitzegiten dabenean, trena pasatzen da urrunean, etorkizuneko modernotasunari eta garai berriei erreferentzia eginez.

  • Argiztapenari dagokionez, ezaugarri argi bi azpimarratuko neukez:
  1. Kolore tenperaturaren arteko kontrasteak espazio ezberdinen irudikapen gisa:
(Etxeko berotasuna VS. Gerra hotza)

910

  1. Rembrandt eta Caravaggioren artelanak gogorarazten deuskuzan Chiaroscuro (argi-ilun) teknikaren erabilera, pertsonaien ezinegon eta barne gatazkaren adierazle.

12

Cosmoraman, anai biak jendearen entretenimendurako ikuskizun gisa aritzen diraneko sekuentziaren erakargarritasuna aipatzekoa da: euskal zinemagintzaren nazioartekotasuna agerian jartzen dauana. Erraztasun handiz ikus daitekez era honetako muntaia sekuentzia umoretsuak nazioarteko zuzendari handienen aukeren artean. Konparaketarako, aipamen “mainstream” bat egin nahiko neuke, zure baimenarekin.

13

Cosmoramako eszena

  • Ikusleak, David Yatesek zuzendutako Harry Potter and the Order of the Phoenix filmean agertzen dan sekuentzia honen antza hartu dakioke Handia-ren Cosmoramako muntaia sekuentziari (1:17tik):

Zeuk epaitu eta komentatu.

Eneko Sagardoy aktorea ia metro bi t’erdiko pertsonai bihurtzeko ahalegin fineri buruz ere aritu nahiko neuke. Teknika ezbardinak erabili diran ilusio honek, ikuslea jolas interaktibo batean sartzen dau erraldoia pantailan agertzen dan hasierako uneetan. Baina behin trukoak ikusteko ahaleginak frustratzen diranean, ilusio horren arauetan sartu eta mundu magiko honetan barneratzen gara inongo erreparo barik.

Hala ere, punta ataratzeko badan be, plano batetan imini nahi dot atzamarra: Eleizegi anaiak lapurretaren ostean etxera esku hutsik bueltatzen diranean, murmoi/lanbro artean, nabaria da Joaquin kamaratik hurreago dagoala perspektiba erabiliz beronen tamaina erraldoia simulatzeko. Baina, ta barriro errepikatuz, zerbaiteri punta ataratzearren, murmoiaren dentsitateak eta pertsonaien silueten gardentasun ezberdinak trukoa agerian izten dabe.

Truko guzti honeei buruzko master-class bat eskertzekoa izango litzateke zuzendarien eskutik: mahai gainean izten dot gonbidapena.

Soinuari buruz ezer esan behar izatekotan, bikain bat besterik ez datorkio bati burura. Filmean zehar, atmosfera guztiak ezin hobeto lortuta dagoz eta hori gitxi bazan, erantsitako audio efektuek (hazurren etengabeko hazkuntzak eragindako zoramena, Joaquinen aldarriak, gerrako hotsak,…) ikuslearengan zirrara berezi bat eragiten dabe: lan fin eta eraginkorra.

14

Euskal Herriko ohituretan hain bereizgarria dan izaera matriarkala alde batera geratzen da Handia-n, baina halan da be, pantailaratutako gizonezko irudiek, bultzada paregabea dabe hauek interpretatzen dabezan aktoreei esker. Interpretaziño sentikor eta hurrekoa, ikuslea aulkitik altxatu eta istorio barruan sartzen daben horietarikoa. Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga eta Ramon Agirre Goenkaletarrak elkarrekin ikusteak, eta holako maila altua erakutsiz, euskal zinemaren aktore kanteraren aberastasuna agerian izten dau.

Azkenik, gauza bat bakarrik aipatu nahi dot, barruko arantzatxoa kentzeko asmotan:

Pena handia emoten dau historiako aurrekontu handiena daukan euskal pelikulea, Euskal Herriko zineetan azpitituluekin ikusi behar izateak. Beharrezkoak dirala ikusten dot, generazio eta lurraldekotasun faktoreak honen errudun diralarik.

Baina hau, euskal gizarte bateratu baten utopian sinesten dauan baten penatik datorren iritzi (mini-aldarrikapen) bat baino ezta.

Inor ez dala etengabe hazten esaten da, baina batzuk horretarako ahalmena dabela erakusten dau Handiak.

15

Segi horrela, Arregi ta Garaño!